07.08.10
Uztailean ere euskaraz blai!

Santurtziko BAI ESAN euskara elkartearen bloga
Larunbatean, ekainak 19, 2:30ean bertso-bazkaria edukiko dugu Mamarigako Itsasoko Ama ikastetxean, AEK-k eta Bai Esan Santurtziko euskara elkarteak antolatuta. Zatoz zeu ere!!!
Bertsolariak:



Joanes Igeregi erandioztarra, Peru eta Beñat Vidal plentziarrak
Menu gozo-gozoa:
- paella otarrainxkekin edo pasta hegaluze eta barazkiekin
- solomoa piperrekin edo legatza
- postrea eta edaria
Prezioa: 18 €
Izena emateko azken eguna: ostiralean, ekainak 18.
Berbalagunok ere badaukagu geure eguna: aurten igandean, ekainak 6, Arrasaten. Aukera paregabea Euskal Herriko beste berbalagunak ezagutzeko. Zatoz zeu ere!!!

Egitaraua:
- Jaialdia goizeko 11etan hasiko da: Biteri plazan, ongietorria eta hamaiketakoa
- 12etan ibilaldi gidatua Arrasatetik, txoko interesgarrienak ezagutzeko
- 1:30ean kalejira
- 2:30ean bazkaria Herriko plazan
- 3:30ean sari-banaketa
- 4:30ean erromeria Kataia taldearen eskutik. Talde hau Markinan eta Bergaran bizi eta euskaraz abesten duten senegaldarrek eta ganbiarrek osatzen dute.
Orain dela hiru urte bezala, Athleticeko jokalari bi gonbidatu ditugu gurekin hitz egitera. Aurrekoan Aritz Aduriz donostiarra eta Tiko iruindarra egon ziren gurean, eta ekitaldi hura oso arrakastatsua izan zela ikusita, aurten ere beste bi ekartzea erabaki genuen. Hasieran, apirilean ziren etortzekoak, baina azken uneko entrenamendu-aldaketengatik ezin izan ziren etorri (barkatu eragozpenak), eta maiatzera atzeratu behar izan genuen. Beraz, dena ondo bidean, asteazkenean, maiatzak 12, arratsaldeko 7etan Kresala Aretoan: Igor Gabilondo donostiarra eta Iban Zubiaurre mendaroarra egongo dira gurekin. Elkarrizketa Alfre Elgezabal Bizkaia Irratiko kazetariak egingo die, eta ostean geuk ere galderak egiteko aukera edukiko dugu. Bai Esan eta zatoz gurekin!


Aurten ere, aurreko urteetan bezala, BAI ESAN euskara elkartekook zinea euskaraz eskainiko dizugu, maiatzaren 6an, osteguna, arratsaldeko 8etan Kresala aretoan.
Topaguneak antolatzen duen Film Laburren VII. edizioa izango da, Santurtzin IV.a! Emanaldiak 28 herritan izango dira, eta ez hemen bakarrik, Euskal Herritik kanpo ere bai: Parisen eta Shanghain. ESAN BAI eta zatoz gurekin ordubetez filmak euskaraz gozatzera!
Guztira bederatzi film labur ikusiko ditugu, denak iaz ekoitzitakoak. Eta ondoren, zuzendari batekin hitz egiteko aukera izango dugu! Josu Bergara, Nora zoaz filmaren zuzendaria, gu guztiokin arituko da solasean. Eta dena musu-truk! Erdu gurekin!

Aurten ere, aurreko urteetan legez, BAI ESAN euskara elkarteak TOPAGUNEAK antolatutako Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina abian jarriko du, apirilaren 23tik uztailaren 24ra.
Koloreak eta zaporeak
«Penak elefanteak dira, eta bizkarrera igotzen zaizkizu. Pozak zaldiak dira, eta zure oinei eragiten diete. Amodioa inurriak dira, eta gorputz osora zabaltzen zaizkizu». Ez dakit horren hitz gutxirekin gehiago esaterik ote dagoen. Hitzak Juan Kruz Igerabideren poema batenak dira, eta gutxi-asko bizitza bere osotasunean jasotzen dute.
Baina Igerabideren hitzak bezain egokiak dira Johnson doktorearenak: «Zer egiten du liburu on batek? Ba, oinazea arindu oinazean bizi denari, eta poza areagotu pozik bizi denari». Beraz, irakurri, gozatu eta oparitu! Patxi Zubizarreta
Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoak irakurtzeko gogoa kutsatu nahi du, eta poza, eta ahal dela penak arindu eta inurriak zabaldu. Hainbat irakurtzaleren artean ehun liburuko zerrenda lagungarria osatu dugu, baina apirilaren 23tik uztailaren 24a bitartean, liburutegi osoa izango duzu eskura: zuk euskarazko liburu bat hautatu, irakurri, fitxa batean sentitu dituzun elefante, zaldi eta inurrien berri laburra eman, eta euskarazko beste edozein liburu %25 merkeago erosi ahal izango duzu zure herriko liburu dendan, Pagazaurtundua kaleko Temas-en, zuretzat edo beste norbaiti opari egiteko. Baina adi! BAI ESAN euskara elkarteko bazkide izanez gero, beste %25eko deskontua izango duzu liburua eskuratzeko, % 50 guztira, prezio erdian, alegia.
Gure bazkidea izan nahi duzu? Bada, jarri gurekin harremanetan honako helbidean: baiesan@kaixo.com; edo bestela, Kultura Sailean, AEKn, Udal Euskaltegian, Mamarigako Kultur Etxean edo liburutegian bertan, bazkide-orria eskatu eta bete, eurek helaraziko digute eta. Ongi etorria izango zara eta bestelako abantailak ere izango dituzu TOPAKIDE txartelari esker.

Pertsona baten eguna denean, zoriondu egiten dugu; gaur, ostera, emakumeoi hobe hau esatea:
EUTSI GOIARI!
Zenbat andre erailtzen dituzte? Zenbatek jasaten dituzte tratu txar fisiko eta psikologikoak? Zenbat bortxatzen dituzte? Zenbat gutxiesten dituzte etxean, lanean, kalean… gizartean? Zenbat…? GEHIEGI!!! Erantzuna BAT balitz ere, LARREGI izango litzateke!
XXI. mendean eta oraindik honela! Eskubideak, oro har, ez dira egun bakar batean soilik aldarrikatu behar, egunean-egunean eta guztion artean egin beharreko lana da. Badakigu askotan esaten dena, baina inoiz ez da alferrik izaten beste behin ere gogoratzea. Horrexegatik behar ditugu, hain zuzen ere, oraindik honelako egunak.
Andreok, ez etsi!
Itxasoaz
« Previous Page — « Aurreko orrialdea « Previous Page · Next Page » Hurrengo orrialdea » — Next Page »