06.23.08

Eki egun berezia Mamarigako Kultur etxearen eskutik

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Ekaina 23 @ 14:33 Egilea baiesan

*Gaur, ekainak 23, Mamarigako Kultur Etxeak Eki Eguna ospatuko du. Hona hemen egitaraua:

-19:00etan erromeria Patxi Perez eta konpainiaren eskutik. Denok dantzan jarriko gaituzte!!. Bitartean parrillada(saiheski eta txorizo banaketa)

-21:30 Kultur Etxeko perkusionista eta musikariek Tinbaladari ekingo diote, denok gerriak astin ditzagun. Geroxeago SUA piztuko dute eta Sustraiak elkarteak egindako Pitxiritxia erreko dute!!.

06.17.08

Kantu afaria, bertso bazkaria… Gora gastronomia!

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Ekaina 17 @ 12:33 Egilea baiesan

Larunbatean bapo jan zuten AEK-ko bertso bazkarira bertaratu zirenek. Titok atondu zuen bazkariak denak aserik laga zituen, eta egia esanda, honela oso erraza da bertsolariei adi eta lasai entzutea. Ohi bezala, txantxetarako tartea egon zenez, barre algaraka ibili ziren norberaren lepotik ez bazen, behintzat.
Sustrai Colina eta Amets Arzallus dotore eta fin aritzeaz gain, bazkaltiarren artean murgildu ziren bazkaloste ederra eskainiz. AEK-ko irakasle/sukaldariak kexu ziren hasieran lan eskerga zela eta, baina bukaeran aurpegi alai eta irribarretsuak ziren nagusi. Zinez ederra izan zen!!.

06.13.08

Vespa bat pasatu zen Santurtzitik…

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Ekaina 13 @ 13:09 Egilea baiesan

Atzo arratsaldean Kkresala aretoan bildu ginenok bidaia xarmangarria taxutu genuen. Lasai eta adi eseri ginen aretoak dituen besaulki erosoetan, Ander Izagirre bidaiari/kazetariak esan behar zigunari jaramon eginez.
Atzo diaporama bikain honetara bertaratu ginenok liluraz irudikatu genituen Galiziako ordokiak, Gaztelako lautada zabalak, Andaluziako meategiak, eta Mediterraneo aldean hirigintza espekulaziotik salbatu diren herrixkak. Aurretiaz espero gabe, Vespa baten gainean abiatu ginen bide estu eta meharretatik Penintsulari bira emanez.

Bukaera hasiera bezain zoragarria izan zen. Izan ere, saioak iraun zuen denbora ziztu bizian igaro zitzaigun. Emaitza ezin hobea: batzuek udarako planak mamitzeari ekin zioten euren bidaien nondik norakoa aritzen zutelarik; eta beste batzuok inbidia puntu batekin, Udan egin beharreko lanetan pentsatu genuen.

Gu atzo Bai Esanek antolatutako emanaldira joateaz poztu ginen. Bereziki, euskarazko ekintzak gozatu ahal izateaz poztu ginen. Gehiago etorriko ahal dira!!

06.05.08

Vespaña? Bai, Vespaña

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Ekaina 5 @ 16:14 Egilea baiesan

Vespaña?? Bai vespaña. Eta hau entzunda norbaiti bururatu ahal zaio zertaz ari garen?. Bada, abenturazale bati buruz, bidaiari bati buruz ari dela. Era asko daude leku batera joateko eta berau ezagutzeko, baita hortik alde egiteko ere. Seguruenik, gainera, denok izan dugu buruan noizbait txango xelebreren bat egitea… Azkenean, aldiz, betiko garraioak erabili, betiko lekuak bisitatu eta erosotasunera jotzen dugu.

Ander Izagirreri Espainia zeharkatzea otu zitzaion… zerez?, eta Vespaz!! Eta honen berri emango digu hurrengo ostegunean (ekainak 12) Kresalan 20:00etan. Irudiak zein pasadizo bereziez gozatzeaz gain, bidaia kronika honek sortu digun jakin-mina aseko dugu Bai Esanek antolatu duen ekimen honi esker. Animatu eta Kresalan izango gara!!

06.03.08

Afariko argazkiak

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Ekaina 3 @ 12:33 Egilea baiesan

Aurreko mezuan ez  dugu afariko giro ederraren testigantzarik utzi. Baina AEKko argazki-zerbitzuari esker hementxe  ikus dezakezue esandakoa ez dela asmatutakoa.

Ikus daitekeenez, oraindik ateri zegoen, nahiz eta batzuen barrua bustita egon.

Irakurri eta gozatu arrakastatsua

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Ekaina 3 @ 12:24 Egilea baiesan

Aurrera darrai “Irakurri eta Gozatu” kanpainaren 2. edizioa. Eta aurrekoarekin alderatuta, oso pozik egoteko arrazoi franko dugu Bai Esan-en. Izan ere, asko igo da kanpainan parte hartzen ari direnen kopurua, bai Udal Liburutegian parte hartzen ari direnena, liburuak eskatuz eta ondoren balorazio fitxa betez; bai “Temas” eta “Begoña” liburudendetan dagoeneko libururen bat erosi dutenena %25eko deskontua aprobetxatuz.

Egia esan, arrakasta honetan bi elementuk garrantzi handia izan dutela esan beharra dugu: alde batetik, deskontua ez dela ezinbestean irakurritako liburuan aplikatzera mugatzen; hau da, deskontu txartelarekin euskarazko edozein liburu eros daitekeela. Eta, bestetik, kanpaina deszentralizatu egin dugula: 12 urtetik beherako haur eta umeek euren ikastetxeko liburutegietan eska dezakete liburua.

Oraindik ia bi hilabete geratzen dira kanpaina bukatzeko. Aprobetxa dezagun irakurketarekin gozatzeko eta gure etxeko liburua ornitzeko!

06.02.08

Ez zen gure errua izan, zin egiten dugu

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Ekaina 2 @ 17:03 Egilea baiesan

Joan den asteburuan sekulako euriteak izan ditugu gure inguruan. Baina ostiraleko kant-afarian egon ginenok zin dagigu ez zela gure erruagatik gertatu. Izan ere, ondo baino hobeto abestu genuen. Hala esan zigun, behintzat, saioaren animatzailea izan zen Oskar Estanga gazte nafar bizi eta alaiak. Eta honelako ikuskizunetan badu esperientzia Euskal Herri osoa zeharkatzen baitu astebururo. Baina egiaren izenean, saioaren arrakasta ikaragarria, neurri on batean, Oskarri berari eta “Urkijo´s boys band” taldeari zor diegu. Bakoitzari berea.

Eta zirraragarria guztion artean lortu genuen giroa! Baina kontuz hemen ere! Zirrara horrek ere ez du inolako zerikusirik igandean Portun eta Santurtzin izan genuen argi-mozketarekin. Hori ere argi gera bedi!!

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5