05.20.08

Kantu-afaria ala afari-kantua?

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Maiatza 20 @ 21:49 Egilea baiesan

Berdin da. Kontua (eta kantua) afaltzea (ahal bada, ondo) eta kantatzea da. Bika batera zailt samarra, baina, enfin, saiatuko gara.

Noiz eta non? Ba laster, maiatzaren 30ean, D. Jaime jatetxean. Bertan elkartuko gara izena emango duten lehenengo 80 lagunak, ondo pasatzeko asmotan.

Zer egin behar den? Izena eman eta txartela erosi. Dagoeneko salgai dituzu herriko bi euskaltegietan  (AEKn eta Udal Euskaltegian) eta “Kalea” tabernan.

Menua, espeziala.

Prezioa? Hamabost euro baino ez. Berez, garestiagoa da, baina Udalaren Kultura Sailaren eta Hizkuntza Normalizaziorako Zerbitzuaren laguntzarekin merekeago  jarri ahal izan dugu.

Afariaz gain, kantatzen lagundu, kantatzera animatuko gaituzten bikote aparte (”Zu ere kantari”) izango dugu gurekin, dena primeran atera dadin.

Ez utzi azken ordurako, 80 aukeratuentzat baino ez baitago tokirik.

05.19.08

Kultura, festa eta gastronomia Mamarigako Kultur Etxean

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Maiatza 19 @ 12:28 Egilea baiesan

Ttipi-ttapa datorkigu Mamarigako Kultur Etxea, lasai baina lanean etengabe, kultura euskalduna eta herritarra sortzeko beharrezko urratsak emanez. Denok dakigu Kultur Etxeak lan itzela egin duela betidanik, eta horren erakusle da gaur egun Mamarigan burutzen duen zeregina. Hau guztia ospatzeko urtean behin Kultur Eguna antolatzen du eta bertan honelako egitaraua aurkituko dugu:

*Herri bazkaria (Zikiroa) Itsasoko Ama Eskolan 14:30ean (gutxi gorabehera). Giro alaia egongo da Julen Zulaika eta Iñigo Izagirre bertsolariek lagundurik.

*19:00etan Kantu poteoaren ostean, erromeria OLGETAN taldearen eskutik Mamarigako frontoian

*21:00etan La Gossa Sorda talde katalanaren kontzertua frontoian.

Honekin batera Mamarigako Kultur Etxeak disko bat aurkeztuko du eta barra bat paratuko du frontoian egarria asetzeko!! Buff eta hau guztia autogestioaren bidez!! Informazio gehiago hemen


Magia gehiago Marsel magoarekin

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Maiatza 19 @ 12:24 Egilea baiesan

Santurtziarrok, antza denez, oso magiazaleak gara eta bide hau jorratzen duten emanaldiak gustura joaten gara ikustera. Duela hilabete Txan Magoarekin disfrutatu genuen bere “Artxila Murtxila”rekin. Orain amarru eta trikimailu berriez gozatu nahian dabilenari esango genioke ostegun honetan, maiatzak 22, Marsel magoaren emanaldi bikaina izango dugula ikusgai. AEK-k antolatutako ekimen hau publiko ororentzat da, eta nola ez, euskaldun guztiak gonbidatuta zaudete bertara.

Marsel magoak, bestalde, 12 bat urterekin ekin zion magiari. Hasiera batean poliki-poliki, baina gaur egun galtzak bete lan aritzen da Euskal Herri osoan zehar. Itxuraz, bere esanetan edozerekin eta edonorekin egin daiteke magia, agian gutako norbaiti egokituko zaio oholtza gainera igotzea??

 

Aste kulturala Mamariga eta Las Viñas ikastetxeetan

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Maiatza 19 @ 12:19 Egilea baiesan

Euskara Astea Las Viñas eta Mamariga ikastetxeetan

Berriro ere gure herriko haurrek klasez kanpoko ekintza andana izango dute euskaraz murgiltzeko. Aste honetan astelehenetik ostiralera egunero izango dute zerbait Itsasoko Ama eta Las Viñas ikastetxeetako ikasleek.

Zergatik? Bada bi eskola hauek Euskara Aste bana antolatu dutelako aste honetarako. Eskaintza ezin zabalagoa da eta ,besteak beste, honelako emankizunak egongo dira ikusgai: Magoak, antzerkiak, jolasak, ipuin kontalariak, herri kirolak…

 

 

Ezin esan aukera hau aparta ez denik, eta hemendik animatzen zaituztegu zuen umeekin honelako ekimenetan parte hartzera. Pentsa ezazue ondo, izan ere, eskolatik at non dute bada Santurtziko haurrek euskaraz jarduteko abagunea?.

 

Gorago aipatu legez, egitarauak ikaragarri zabalak dira eta informazio gehiagorik nahi baduzue: Mamarigako Eskolak antolatutakoa jakiteko idatzi 014418aa@hezkuntza.net helbidera  eta Las Viñas eskolak zer duen jakiteko idatzi 014413aa@hezkuntza.net    helbidera

 

 

05.12.08

Laburmetraiak euskaraz

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Maiatza 12 @ 15:05 Egilea baiesan

Iaz bezala, aurten ere izango dugu Santurtzin euskarazko film laburrren emanaldia. Topaguneak sustatzen duen ekimen honek bosgarren edizioa beteko du Euskal Herrian eta bigarrena Santurtzin, esan bezala.

Hamar izango dira guztira filmak eta berauen artean, hiru Ikus-entzunezkoen Rallyan irabazle suertaturikoak dira. Klik egin hemen  eta ikusi ahal izango duzue guztien izenburuak.

Aurten, gainera, nobedade handia izango dugu Santurtzin. Izan ere, film hauetako egile baten presentzia izango dugu, Gentzane Agirre lekeitiarrarena. Bera gurekin izango da solsalditxo bat izateko prest, bere filmaren inguruan.

Arrazoi asko duzu, beraz, ostegun honetan, hilak 15, tartetxo bat egiteko zure agendan eta Kresala Kultur Aretora hurbiltzeko iluntzeko 8etan.

Koldorekin igarotako tartea

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Maiatza 12 @ 12:34 Egilea baiesan

Agian bati baino gehiagori larregizko konfiantza hartzea irudituko zaio, baina zer demontre, dagoeneko hiru urte jarraian dira geure herrian antzezten hasi zenetik, eta Koldok erritmo honi eusten badio geurera etortzen jarraituko du.

Argazkietan ikusiko duzuenez, aretoa ia-ia jendez bete zen eta bertan egon ginenok lilura handiz entzun genituen Koldoren ipuinak. Bere kontakizunetan beti agertzen den Ibarsola herrira abiatu ginen  belarriak adi eta begiak zabal-zabalik, bertako zoko-moko guztiak ondo baino hobeto arakatu gura baikenituen. Eta emaitza ezin oparoagoa izan zen, izan ere bertako herritarren sekretuak ezagutu genituen, eta akaso, hurrengo txangoren baten harako bidea hartuko dugu, hain da magiko eta txundigarria Koldo Ameztoyren ipuinetako herria!!

 

05.09.08

Erakusketa ikusgai dago

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Maiatza 9 @ 13:19 Egilea baiesan

Gaur goizetik irekita dago Udal Euskaltegiaren bigarren solairuan KOntseiluaren Erakusketa Ibiltaria. Igande iluntzera bitartean egongo da ikusgai.

Hona hemen erakusketa osatzen duten elementuak:

- Panel handi bat

- Sei panek ertain

- Dokumentala

- Ordenagailu bidezko power point batean 10 urteko ibilibidearen laburpena.

ORDUTEGIA:

Ostiralean, egun osoz, gaueko 10ak arte.

Larubatean eta igandean: Goizean 11etatik 14etara  Arratsaldean, 17etatik 20etara.

05.05.08

Koldo Ameztoy Santurtzin

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Maiatza 5 @ 21:16 Egilea baiesan

Berriro ere Koldo Ameztoy ipuin kontalari zoragarria Kresala Aretoan egongo da asteazken honetan (maiatzak 7) arratsaldeko 20:00etan AEK-k antolatua.

Ipuinak gustatzen bazaizkizue, hitzordu ona duzue Koldorekin, baina honez gain, musika, xarma eta Ameztoyren ipuinek dituzten ikasbide apartak atsegin badituzue, ezingo duzue huts egin.

Behin ikusi dugunok errepikatu beharrean gaude, eta txoritxo batek esan dit laugarren aldiz ikusteko irrikan dagoela!!

Hau da hau ipuin zaletasuna!! Izan ere, Koldo Ameztoy ezagun dugu bere emanaldietan sortzen duen giro magiko eta atseginagatik, baita ikusleak aho bete hortz gerarazteko duen gaitasunarekin ere. Hortaz, Santurzin euskaraz zenbat gauza egiten ari diren ikusita, hau beste urrats txiki bat izango da euskara plazara irten dadin.

05.02.08

Kontseiluaren Erakusketa Ibiltaria Santurtzin

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Maiatza 2 @ 16:40 Egilea baiesan

Hamar urte bete Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Proiektuz eta lanez beteriko hamarkada oparo hau ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Kontseiluak, magusiena abenduaren 10ean BECen egingo duena.

Baina bitartea badira beste batzuk. Eta hauetariko bat, hamar urteotan buruturiko lanaren laburpen gisa antolatu duen Erakusketa Ibiltaria.

Erakusketa ikusgarri hau (nagusiki euskarri informatikoz osatua) Santurtzin ikusteko aukera izango dugu maiatzaren 9tik 11ra Santurtziko Udal Euskaltegian. Ostiral arratsaldean hasi eta igandera bitartean ikusteko parada izango dugu, goiz eta arratsaldeko ordutegian.

Ez galdu aukera eder hau, oso herri gutxik izango baitute.

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5