04.23.08

Irakurri, gozatu eta oparitu… Santurtzin

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 23 @ 20:26 Egilea baiesan

Gaur, apirilak 23, Gorka Deuna, Santurtziko zaindariaren eguna eta liburuaren eguna. Iaztik hona data honek balio erantsia du gure herrian. Izan ere, iaz hasi ginen ospatzen eta antolatzen gure herrian “Irakurri, gozatu eta oparitu” ekimena.

Proiektua berez Topagunea-k antolatu du, baina gure herrira “BAI ESAN” taldeak ekarri du Udaleko Kultura eta Euskara Sailaren laguntzarekin.

Guztira, 17 herrik parte hartu dute Euskal Herri mailan eta hemen aurkituko duzue proiektu nagusiaren berri eta beste lotura honetan Santurtzikoarena.

Ideia sinplea bezain erakargarria da. Hona hemen pausuak:

1. Kagonilloseko Liburutegi Nagusira joan.

2. Euskarazko liburu bat aukeratu, bai gomendatuen artetik (propio jarritako apal batean aurkituko dituzue) edo liburutegiko beste edozein. Sarreran ordenagailua izango duzu Topagunea-ko loturarekin.

3. Liburu bat maileguan hartu. 15 egun izango dituzu irakurtzeko.

4. Liburua irakurrita, liburutegian itzuli eta bertan emango dizuten fitxa bat bete. Bertan adieraziko duzu liburua zer iruditu zaizun. Fitxak adinaren arabera daude berezituta, bi urtekoeentzat hasita.

5. Fitxa irakurrita, deskontu txartela emango dizute. Deskontu txartel honekin euskarazko edozein liburu erosi ahal izango duzu Temas edo Begoña liburudendan. “Temas” Pagazaurtundua kalean eta “Begoña” Mamarigan daude. Deskontua %25ekoa izango da; baina, adi!, “Bai Esan”eko bazkidea bazara %50ekoa izango da.

Kanpainaz gozatzeko hiru hilabete, hiru!, dauzkazu. Baina ez itxaron azken egunera arte. Edonola ere, irakurtzeaz bizitza osoa goza dezakezu.

04.22.08

Pou anaiak Santurtzin

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 22 @ 10:32 Egilea baiesan

Pou anaiak ezagunak dira gauzatu dituzten balentriengatik, helarazi dizkiguten irudi zoragarriengatik. Denok zur eta lur utzi gaituzte hainbat urtetan hautsi eta birrindu dituzten markei esker, eta gainera, mendizale edota eskaladazalea bazara, ezin duzu aukera paregabe hau galdu!!

Ostiral honetan, apirilak 25, eta AEK-k antolaturik, Kresala aretoan izango ditugu ZAZPI PARETA, ZAZPI KONTINENTE ikus-entzunezko hitzaldia ezkaintzeko prest. Arratsaldeko 20:00etan izango da eta eskuetan zabaltzen bide den magnesio hori usaintzen hasita nago!!

Hortaz, euskaraz bizi nahi baduzue, erdarak jartzen dizkigun hormak ere gainditu beharko ditugu!!

Haurrentzako txotxongiloak eta berbenak

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 22 @ 10:30 Egilea baiesan

San Jorge jaien harira, haurrek beste aukera bat izango dute etxetik kanpo atera eta euskaraz gozatzeko. Udaletxeak atonduriko egitarauan bi ospakizun hauek nabarmendu ditugu:

-ANE MONNA, OSKOLA ETA KARRAMARROI musika eta antzerkia txotxongiloek lagundurik. Apirilak 25 ostirala, J.J. Mendizabal plazan arratsaldeko 19:00etan.
-KUKO, TRUKO ETA BOLENWAIDER haurrentzako berbena. Apirilak 26 larunbata, J.J. Mendizabal plazan arratsaldeko 19:00etan.

Hauek dira San Jorge jaiek umeei emango dien azken oparitxoa, eta jakina, aprobetxatu beharra dago.

04.18.08

Atton Irustarekin igarotako unea

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 18 @ 10:44 Egilea baiesan

Atzo Bai Esan taldeari esker Antton Irusta ikusten egon ginen. Anttonekin gozatzen eta ipuinak irudikatzen ibili ginen. Areago, Anttonek bere ipuinen parte sentiarazi gintuen, kresala aretoan bildu ginen guztiok protagonista eta ipuin bihurtu baikintuen. Modu xarmangarrian, denok zerbait dugula kontatzeko erakutsi zigun. Eta honez gain, ostegun bukaera ederra eskaini zigun berarekin egotearen truke.

 

Emanaldi bikaina, sentibera eta samurtasunez betetakoa. Hau gutxi balitz, 3. mailako azterketaren atarian dauden ikasleei aditz eta sinonimoekin birpasa galanta egiten lagundu zien.

Bertso Bazkaria La Kelon

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 18 @ 10:01 Egilea baiesan

La Kelo Gaztetxea dagoeneko IX. Urteurrena ospatzen dabil eta ekitaldiz jositako egitarau aparta osatu du. Ildo honetan, euskarari tarte handia eskaini diote eta bertso bazkari aparta antolatu dute apirilaren 19rako (larunbata) eguerdiko 14:30ean.

Bertsolariak Ander Lizarralde eta Arkaitz Oiartzabal dira eta bertara hurreratu gura izanez gero, eman ezazue izena La Kelon edo idatzi lakelogaztetxea@gaztesarea.net.

Parte har ezazue!!

Karramarro Uhartea filma

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 18 @ 9:58 Egilea baiesan

Igande honetan 17:00etan SKA aretoak KARRAMARRO UHARTEA filma eskainiko die etxeko txikienei. Hilabetek dira jada SKA aretoan honelako emanaldiak antolatzen dabiltzala, eta umeentzako luzemetraia honek amaiera emango die oraingoz emanaldi hauei.

Cain itsasontzian denek dakite kantuan, Dimitri kapitainak salbu. Tripulazioak altxor bila, esklaboekin trafikatzen dutenei aurre egiten eta festak antolatzen pasatzen ditu egunak. Halako batean, Karramarro Uhartean gorderik dagoen altxor izugarri batera eramango duen loro magiko bat aurkituko du Dimitrik. Bidaia horretan Loreley neska-pirata gazte politak lagunduko dio, esklaboen trafikatzaileen hatzaparretatik Dimitrik askatu ostean

Haurrentzako berbenak San Jorge jaietan

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 18 @ 9:55 Egilea baiesan

Asteburu honetan UMEEK abagune ezin hobea dute euskaraz gozatzeko. San Jorge jaien harira, egunero edukiko dute dantzan zoratzeko aukera!!

Hiru emanaldi daude antolatuta Udaletxearen partetik J.J. Mendizabal Enparantzan arratsaldeko 19:00etan:
Apirilak 18, ostirala Poco-Pico
Apirilak 19, larunbata Poxpolo, Mokolo eta Konpainia
Apirilak 20, igandea Txorromorro.

Eskolaz gain haurrek ere beharrezko dute euskaraz bizitzea ahalik eta esparru gehienetan. Hortaz, lotu euskarari gure txikiek ere ondo baino hobeto goza dezaten.

04.15.08

Euskal Herrian, mintzalaguna. Santurtzin berbalaguna, noizko?

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 15 @ 17:41 Egilea baiesan

Hona hemen gaurko Berria-n (apirilak 15)  azaltzen den mintzalagunari buruzko erreportaia zabala. Gasteizeko esperientziari egiten dio erreferentzia, baina Euskal Herria osoa du aipagai.

Santurtzin ere laster (datorren ikasturtean?) berbalaguna martxan  jartzeko asmoa eta gogoa dugu Bai Esan-ekook eta inguruko beste euskara taldeek ere.

04.09.08

Hileko agenda

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 9 @ 17:03 Egilea baiesan

Hona duzue apirileko_agenda. Ikusten duzuenez, hainbat ekintza interesgarri eta atsegin izango ditugu Santurtzin, hainbat erakundek eta elkartek antolatuak. On egin!

Antton Irusta, ipuinen aztia

Atala(k): Sailkatugabeak 2008 Apirila 9 @ 12:57 Egilea baiesan

Apirileko egitarauarekin jarraituz, Txan magoaren saio magiko eta arrakastatsuaren ondoren, datorren ostegunean, hilak 17, ANTTON IRUSTA ipuin kontalaria izango dugu gurekin. Saio gehienak bezala, KRESALAn izango da hitzordua, ILUNTZEKO 8etan.

Bi gauza azpimarratu nahi ditugu Anttonen inguruan: ipuinak kontatzeko duen trebezia, bizitasuna eta samurtasuna; eta, bestetik, ikuskizun hau adin askotako jendearentzat izango dela aproposa, ume, gazte zein heldu.

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5